INTERES TURISTIKODUN TOKIAK

Tours-eko San Martin

Foruako eliza-ondarean, San Martin Tours-ekoaren parrokia nabarmentzen da. Elizak areto gotiko-errenazentista du, baina aldaketa ugari egin zizkioten XIX. mendean. Bizkaiko zaharrenetako bat da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik egindako indusketa kanpaina handi baten protagonista izan da. XVII, XVIII eta XIX. mendeko erretaulak ditu barruan, eta baita Erromatar Inperioaren garaiko nekropoli bat ere, kristalezko zoruari esker ikus daitekeena.

ELIZA-forua

Erromatar herrixka

Foruako erromatar herrixkak Elexaldeko muinoaren goiko aldea eta hegalak hartu zituen, eta 60.000 m2-ko azaleran hedatu zen. Tours-eko San Martin elizaren ingurutik paduraraino erromatar herrixkako gelen, metalurgia-tailerren eta biltegien egiturak daudela egiaztatu da.

Erromatar herrixka

Estela “Ama Birjina”

Balio arkeologiko handiko estela da, Burdin Arokoa, Antzinaro Berantiarrean berrerabili zena. Erreprodukzio bat dago aurkitu zen lekuan, jatorrizkoa Arkeologi Museoan baitago.

Urdaibai dorrea

Bizkaiko jaurerriko dorrerik sendoenetako bat izan zen. Sute handi bat egon zen bertan eta gaur egun hondatuta dago, hormak bakarrik geratzen direlarik. Gernikatik ibilaldi eder bat egin dezakegu, baserrietatik eta zelaietatik, herritarrek “Perrexil gaztelua” izenez ezagutzen duten dorre honetaraino.

Urdaibai dorrea