SANTIMAMIÑE
Bizkaiko aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuena da, baita Gizadiaren Ondare ere. Koba honek orain dela 14.000 urte baino gehiagoko gizakien egonlekuen hondarrak gordetzen ditu, berrogeita hamar bat labar-margo eta edertasun handiko estalaktiten eta estalagmiten eraketa anitz.
Koba Ereñozar mendiaren hegoaldeko hegalean dago, ekosistema anitz dituen paisaia zabala gailenduz: Kantauriko artadia, landazabala, estuarioa, etab. Lehenengo indusketa arkeologikoak 1918 eta 1962 bitartean garatu ziren eta, 2004tik gaur egun arte, diziplina anitzeko talde bat indusketa-fase berri batean ari da lanean.
Fisikoki koban sartu ezin den arren, 3Dn egindako bisita batek ahalbidetzen du koba osorik ezagutzea, modu erabat errealistan. Neurri hori hartu da leizea ez kaltetzeko eta milaka urteko aztarnategiaz gozatzen jarraitu ahal izateko.