ONDARE NATURALA

Urdaibaik, Biosferaren Erreserba denez, izugarrizko balio naturala du. Natura eskuzabala izan da lurralde honekin eta edertasun handiko formazioak eta hondartza ikusgarriak oparitu dizkio, bertako mendiekin eta baso hostotsuekin norgehiagokan dabiltzanak, edertasun aldetik nork irabaziko.

Ogoño lurmuturra

Haitz hau talaia naturala da eta Laga hondartzaren, Izaroren, Bermeoren eta gure Kantauri itsasoaren ikuspegi zorabiagarria eskaintzen digu. Haitzaren hegalean dago Elantxobe izeneko herri pintoreskoa. Elantxobetik igotzen da horma bertikalak dituen kareharrizko masa honetara (2 km). Ibilaldi polita da, kantauriar artadiak osatutako basoan barrena.

Cabo de Ogoño

Kantauriar Artadia

Urdaibaiko ekosistemarik adierazgarrienetakoa da eta eskualdearen nortasunaren ezaugarri da: asko markatzen du bertako paisaia, eta fauna eta erabilerak baldintzatzen ditu. Baso garrantzitsuak dira ikuspegi ekologikotik eta biogeografikotik. Uraren eskasiari (batez ere udan) aurre egin behar dioten landare-espezieak dituzte, sustrai luzedunak eta hosto txiki eta larrukaradunak, hezetasunari eusteko gai direnak. Horrela, estomak erregulatuz, ura galtzea ekiditen dute. Urdaibaiko kantauriar artadiek askotariko fauna daukate. Baso-masa honen egitura itxia eta lodia denez, animalia-espezie askoren babeslekua da. Busturialdean dauden kantauriar artadien masarik adierazgarrienak Ogoño lurmuturretik Ereñozarreraino doazenak dira.

Cantabrian Holm Oak Wood

Landazabala eta baso atlantikoa

Baserriez eta biztanleak dituzten beste gune batzuez osatutako inguru naturala da landazabala. Belardien mosaiko bat eta lur landuak ditu, eta baso-formazio txikiak inguruan. Lurraldean izandako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenaren ondorioz sortua da landazabala eta gizakiak zuzeneko esku-hartzea izan du ekosistema horretan. Paisaia anitza eta harmoniatsua da, inguruan garrantzia historiko eta ekonomikoa mantendu duten baserri tradizionalak, lur landuak, animalia-espezie ugari, larreak eta basoko landareak dituena. Horiek guztiek ematen dizkiote berezitasuna eta aberastasuna, Euskal Herriko paisaia adierazgarrienetako bat bilakatuz.

Padura

Gaur egun Urdaibaik 600 ha. ditu paduratan eta urez bete daitezkeen guneak dira. Mareen joan-etorriak izaera dinamikoa eman dio ekosistema honi, behaketarako oso erakargarria dena. Ordu gutxiren buruan aldatzen den paisaia da. Naturaren eragina eta gizakiak mendeetan zehar izandako jarduna batzen dituen ekosistema da Urdaibaiko padura eta antzeko toki gutxi daude. Begiratu batean landugabea dirudien arren, begirada zorrotzak aurkituko ditu harrizko eta lokatzezko dike zaharrak (munak), jada erabiltzen ez diren albateetarako egiturak, erdi lehortuta dauden bazkatzeko eremuak (polder-ak) eta errota zaharretarako kanalizazioak, zuhurtasunez eta natura errespetatuz eraikitakoak. Horiek guztiek paisaia eratu dute, xehetasun askorekin

padura Urdaibai

Itsasbazterra

Eremu honetan argi eta garbi bereizitako bi ekosistema daude: itsasbazterra eta itsas hondoa.

Itsasbazterra: Muturreko baldintzak dituzten eremuak dira, maila handia edo labarra dutelako eta itsasoaren eta haizearen zakartasunaren menpe daudelako. Landare-espezie gutxi daude bertan. Gaztelugatxeko Doniene, Aketxe irla, Matxitxako lurmuturra (Bermeo), Ogoño lurmuturreko labar handia, Antzoraseko itsasbazterra eta Lapatzako labarrak dira paraje azpimarragarrienetako batzuk.

Itsas hondoa: Kostaldetik haratago, biziz beterik dagoen ekosistema da itsas hondoa. Bertako ekosistema hautematea lehorrekoa hautematea baino zailagoa da. Gure itsasoko flora eta fauna hain dira aberatsak, non oso zaila baita beste itsaso batzuetan horrelakorik aurkitzea. Uraren tenperatura 10-12 gradu bitartekoa da neguan eta 20 gradura bitartekoa udan. Busturialdeko kostaldean egoten diren itsas espezierik ohikoenak moluskuak dira, karrakelak, lapak, ostrak, olagarroak edo txibiak, esaterako. Krustazeoak ere badaude, izkirak, lanpernak, abakandoak eta karramarroak, adibidez. Eta baita arrainak ere: lupia, muxarra, berdela, txitxarroa edo barbarina. Noizean behin zetazeo handiak agertzen dira gure uretan: izurde arruntak edo handiak, zere arrunta, zere txikia, kaxaloteak eta orkak.

Urdaibaiko Biosferaren ibilbidea

ogoño

Ogellako marearteko zabalgunea

Ea eta Ispaster udalerriena da Ogellako hondartza eta itsasbeheran eremu harritsuak eta sakonera desberdineko putzuak agertzen dira zerupean. Itsasoko bioaniztasun delikatua eta harrigarria agertzen da horrela, Kantauri isurialdean balio izugarria duena. Beste espezie baliotsu batzuen artean, Fucus chalonii alga endemikoa aurkituko duzu. Toki bikaina da urpekaritza maite dutenentzat. Inguruak fenomeno geologiko berezia ezagutzeko aukera ere ematen digu.

Ogellako marearteko laugunea

Gaztelugatxeko Doniene

Gaztelugatxe uhartexkak Doniene baseliza du gailurrean eta inoiz ikusiko duzun tokirik harrigarrienetako bat da. Ia mila urteko historian zehar piraten eta hondoratzeen hainbat istorioren lekuko izan da. Denborarekin, gainera, zeremonia erlijiosoak egiten hasi ziren bertan. Kostaldera lotuta dago kapera, 241 eskailera-maila dituen zubiaren bidez, marea jaisten denean agerian geratzen dena. Flysch izeneko arrokak osatutako labarrean landuta daude maila horiek. Hain zuzen ere, Iberiar Penintsularen kasuan Kantauri isurialdean bakarrik aurki dezakegu arroka hori. Bizkaiko kostaldean ez dago talaia hau baino balkoi hoberik. Gainera, inguruan duen Aketxe harkaitzarekin batera, itsas hegaztiak hazteko tokia izateagatik balio handia duen erreserba naturala osatzen du. Irakurri gehiago

Gaztelugatxe

Urdaibaiko hondartzak

Zaratatsuak edo bakartiak, handiak edo txikiak eta bilduak. Urdaibaik hondartza ugari ditu eta desberdinak dira guztiak. Hala ere, guztietan nabaritzen da Kantauri itsasoaren xarma, eguzkipean egun lasai bat pasatzeko zein uretako kirolak egiteko. Udatik kanpo ere itsasoaren soinu harrotuaz gozatzeko, naturarik ederrenean barrena paseatzeko edo bakardadeaz gozatzeko toki ezin hobea dira.

Aukeratu zure hondartza

hondartza Laga - Ibarrangelu

Urdaibaiko irlak

Urdaibaiko irlak misterioz eta kondairaz beteta egon dira beti. Irla kontinentalak dira, hau da, historiako momenturen batean kontinenteari lotuta egon ziren

Ezagutu Urdaibaiko irla guztiak

isla-azaro

Sollube

683 metroko altuera duen mendia da. Kokapen pribilegiatua du, ez baitauka beste gailurrik inguruan, eta beraz, eskualde osoaren ikuspegi paregabea eskaintzen du. Gailur “historikoa” da, bost deiadar-mendietako bat baita. Hain zuzen ere, deiadar-mendietan lehena izan zen Sollube eta bertatik Batzar Nagusietarako deia egiten zen. Horrez gain, gerra zibileko gudu odoltsuen lekuko izan da. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren mugetako bat da eta oinez igo daiteke gailurreraino. Hainbat bide gaitu dira horretarako: Solluberen goiko aldetik ordubete eta Sukarrietatik bi ordu eta erdi. Autoz ere igo daiteke, begiratoki bateraino.

sollube