Elantxobe
Benetako arrantza-herri berezia. Horrelakoxea da Elantxobe. Itsasoari begira dagoen mendi-hegal baten gainean eraikita dago, Ogoño lurmuturraren babespean. Eraikin mailakatuak eta kale estu eta aldapatsuak ditu, porturaino eramango zaituztenak.
XVI. mende hasierarako existitzen zen arrantzaleen kokaleku txiki batetik jaio zen Elantxobe, inguruko herrietako jendea etorri ahala handitzen joan zena. Hala ere, 1833. urtera arte ez zen Ibarrangelu izeneko udalerritik banatu.
Irakurri gehiago
Elantxoberen berezitasun arkitektonikoa dela-eta, herria bi eremutan banatuta dago: goiko aldea eta behekoa. GOIKO ALDEAN, laua den herriko eremu bakarrean, San Nikolas Barikoaren eliza dago, arrantzaleen etxeez inguratuta. Kaleetan barrena bazoaz, portura eta itsas zabalera ematen duten hainbat begiratoki aurkituko dituzu. Haietara hurbildu behar zara herri honi bere osotasunean darion xarma bereziaz gozatzeko (ikusmen ona baduzu, lainorik ez dagoen egunetan Gipuzkoako kostaldea ikusi ahalko duzu). Eremu berberean dago Elantxobeko plataforma birakaria. Nola funtzionatzen duen ikusi nahi baduzu, adi autobusaren ordutegietara.
Elantxoben Kale Nagusiko eraikin neoklasikoak dira azpimarragarrienak. Kale horrek herriaren bi aldeak batzen ditu. Bizilagunek galtzada deitzen dioten kale horrek antzinako harrizko zorua mantendu du eta hareharrizko murru zaharrez inguratuta dago, azken horietan landareak hazi direlarik.
Portura begira daude etxe guztiak eta haien artetik aipagarriena udaletxea dagoen jauregia eta Dorretxe Nagusia dira.
BEHEKO ALDEAN portua, aisialdiko eremu nagusia eta tabernak aurkituko dituzu. Kantauri itsasoaren eta bere soinuaren handitasunaz gozatzeko toki aproposa da.
.
Jaiak
Bi dira herriko jai nagusiak. San Pedroren omenezko jaiak ekainaren 29an ospatzen dira. Abenduaren 6an, berriz, San Nikolas Barikoaren eguna ospatzen da.
Berez Elantxobeko jaia ez bada ere, uztailaren 22an Madalen eguna ospatzen da, Mundakarekin eta Bermeorekin batera. Egun horretan Bermeok Izaro irlaren jabetza irabazi zuela ospatzen da. Hain zuzen ere, Mundakak eta Bermeok traineru-lasterketa egin zuten, irlaren jabetza lortzeko, eta Elantxobe epailea izan zen.