Gernika-Lumo
Xarma berezidun hiribildua da Gernika-Lumo: historia bakarra, azpimarratzeko moduko ondarea, gastronomia goxoa eta inguru naturala. Horiek guztiek Urdaibaiko, Bizkaiko eta Euskadiko udalerririk xarmagarrienetako bat bilakatu dute Gernika-Lumo.
1366an sortu zuen On Tellok eta horregatik dauka estatua bat Foru Plazan. Udalerri honen historia zeharo aldatu zen 1937an, hegazkin alemaniarrek bonbardatu eta udalerriaren % 90 suntsitu zutenean. Bitxia bada ere, eraikin garrantzitsuenak zutik geratu ziren, Batzar Etxea, Gernikako arbola eta Andra Mari eliza, esaterako. Orduz geroztik, Gernika-Lumo berreraikitzeko lanetan aritu izan da, barkamenetik abiatuz, eta horren erakusgarri da Bakearen Museoa, bakearen kultura zabaltzea xede duena.
Euskal askatasunen sinboloa da Gernika, Gernikako arbolaren sorterria delako, eta bertako tradizioak harrotasunez mantentzen dituen udalerria ere bada. Astelehenero, eskualdeko baserritarren topaleku bilakatzen da herria, beren produkturik onenak hartu eta merkatu plazara joaten baitira. Bestalde, Jai Alai frontoia zesta puntaren ikurra da. Amaitzeko, Gernikaren izena gutizia gastronomikoei lotuta doa, babarrunei eta piperrari lotuta, esaterako.